XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

HERRIAK ETA GIZONAK. Mitterrand presidenta Alamanian

Herri lehen buruzagi kondu itzuli bat du ofizialki egin Alamanian Mitterrand presidentak.

Lehen aldia da gisa hortan dakotela ongi etorri egin Alamanek orai artio bakarrik lehen minixtroarekin du alabainan buruz buru egin, aspaldian usaia hartua duten bezala alaman lehen minixtroak eta frantses presidentak.

Alamaniako itzuli hortan hiri zonbait bisitatu ditu, alaman politikatzale frango ikusi, bai eta mintzaldi batzu ere egin.

Solas horietan aipatu dituen gaiak izan dira bereziki desarmamendua, zeru gain hartarat igortzen diren zirta eta mizilen apailatzea eta bixtan den gauza, Europaren gora beherak.

Xehetasunak eman ditu eta esplikatu Alamaneri nolakoa den Frantziak nuklear armamenduaz, eta beraz desarmamenduaz ere deraman politika.

Biziki abilki dela mintzatu zioten frantses gobernu gizonek eta presidentaren solas horiek merezi dutela xeheki ikertzea.

Genscher alaman minixtroak aldiz laudorioak egin dazko frantses presidentari Europaz erran dituenen gatik azkarki sustatu baitu Europa.

Ez du gorde alabaina munduan diruak ukan duen inarros aldi hortan, ez dela bertze biderik Europako herrientzat, baizik zinez Europaren egitea eta bereziki ecu delako europano dirua behar dela gehiago erabili eta baliatu herrien arteko haremaitzetan.

Horiek hola, Alamanek estimatu dute ere Mitterrand presidentak eman baitakote segurtamena gisa guziz ez dela frantses nuklear mizilarik eroriko sekulan alaman lurretan, erran baitiote ere Gorbatchev-en oraiko borondate onaz behar dela baliatu Iguzki aldearekin hobetzeko politiko haremantzak eta lankidegoa.

Reagan-en xedeak

Guziz nahasia izan da iragan astea diruarentzat, eta hori diru eta titulu tratuak egiten diren hiri guzietan.

Lehenik buruz beheiti joan da betbetan titulu horien balioa.

Gero berriz, banko etxe haundiek jakin arazi baitute ekonomiarentzat kausi zitakela behar zen dirua, titulu horien balioa goititu da bainan gisa hortan aste guzian arizan dira batean beheiti eta bertzean goiti.

Aste beltza zinez diru tratularientzat.

Denak akort dira erraiteko Amerikanoen funtsgabekeriak dituela molde hortan bazterrak nahasten, ez baitute ordre poxi bat ezarri nahi beren konduetan. Betidanik Reagan ari da errepikatzen zergak behar direla ttipitu.

Deputatuen ganbaran aldiz, demokratek baitute majoria, ez dezake ardiets zozial xahupideak ttipi diten.

Erran gabe doa berena kausitzen dutela Amerikanoek bi politika horietan.

Baitute diru gauzen erosteko, kanpotik behar dituzte gauza horiek sar arazi bainan gobernua baita pobre, bujetan zako ziloa haunditzen.

Bi galtze horiek elgar dute emendatzen eta konfientsia gal arazten.

Etzuten bertze arrazoinik joan den asteko nahasmenduek.

Etzitaken ixilik egon Reagan presidenta.

Gogoaren kontra batere dudarik gabe, bainan onartu du kazetatzeleri mintzatzea.

Orai artinoko bere sinesteari uko egin lezake eta onar zergen goititzea bujeteko ziloaren tapatzeko, onar ere demokratekin hautsi mautsi baten egitea ekonomiko makur horien xuxentzeko.

Bainan sinetsiko dituztea bazterretan haren solasak?

Schultz Mozkun

Rusiako hiri nausian itzuli bat egin du joan den astean Schultz amerikano minixtroak.

Solas zonbait erabili ditu Chevardnadze ruso minixtroarekin.

Gibeleratekoan, baratu da Bruxellesen, behar ziotela OTAN-eko minixtroeri salatu itzuli horren berri.

Nahiagoko zuken orobat bertze berririk eman jaun horier eta agertu noiz jitekoa zen Ameriketarat Gorbatchev jauna.

Ez du holakorik salatu, ez baitute fitsatu piaia horren eguna.

Uste baino nekeagoak izan dira ruso minixtroarekin ibili solas horiek.

Alta iduri zuten akordio baten egiteko punduan zirela desarmamenduaz, noiz eta nola ken Europatik arteko helmena duten mizilak.

Halere sineste fermua dauka Schultz jaunak akordio hori eginen dela, Gorbatchev Ameriketarat jinik edo ez jinik ere.

Aldi huntan ere urrats zonbait egin dituzte aintzina.

Zerbait dakitenek diote berriz ere IDS delako izarretako gerla aipatu duela Gorbatchev jaunak eta zerbait galdegin pundu hortan.

Baitaki laster bere kargua bururatuko duela Reagan-ek eta nahi duela herritarrek atxik dezaten hartaz bakearen alde bermatu delako gizon baten oroitzapena, nahi du ruso lehen buruzagiak hartarik ardietsi ahal dituenak oro.

Urgolkoan beti gerla Koweitarena den petrola dutxulu bat dute aldi huntan Irandarrek bonbardatu, itxura guzien arabera nahi baitute herri ttipi hori ere gerlan sar arazi.

Amerikanoen geriza pean jarriak dira Koweitarrak, amerikano gerlako untziek dituzte segitzen Koweitako petrola karreatzaleak.

Aipatu gertakari horren ondotik, Washingtoneko gobernuak jakin arazi du ez duela aldi huntan ihardokiko.

Gaztiguak izanen diren Xinarentzat.

Baratuko dituzte Amerikanoek Xinari egiten dazkoten saltzeak, teknika haundienetako tresnak baitazkote alabainan saltzen.

Xinatarrek tresna horiekin armak dituzte muntatzen arma horiek Iranari saltzen, eta arma horiekin Irandarrek Amerikanoeri eta heien adixkideri makur frango egiten.

Beraz orai aski! Nun ez diren tratulant oker zonbait merkatu beltzari lotzen ixilean tresna horien saltzeko!

Han hemenka

Baudoin Beljikako erregeak onartu dako bere demisionea Martens lehen minixtroari.

Haatik haren gain du ezarri gobernu berri baten moldatzea.

Zazpigarren aldia da lan horri lotzen dela.

Haatik oraikoan muntatuko duen gobernuaren gain izanen da herri lege berri baten apailatzea.

Sri Lankan ez dira oraino bazterrak jabalduak.

Gobernuak galdeginik, indiano tropak jinak dira harat ordrearen zaintzeko, bereziki Tamoul deituak geldirik atxikitzeko.

Bainan berriz ere jazarri dira Tamoul horiek eta lanak zituzten indiako soldadoek heien hezten.

Angolako gobernua ere aspaldian ari da UNITA deitu kontrakoak ezin garraituz.

Hegoko Afrikak ditu azkarki laguntzen.

Egun hautan, oldar egin du Luandako armadak heien kontra, debaldetan.